Segurtasuna

Zure segurtasuna da gure lehentasuna

Datuak seguru ez badaude, ez dira pribatuak. Horregatik, Bilaketa, Maps, YouTube eta bestelako Google zerbitzuak erabiltzen dituzunean, munduko segurtasun-azpiegitura aurreratuenetako batek babesten zaituela ziurtatzen dugu.

Datuak enkriptatuta, pribatu mantentzen dira alde batetik bestera transferitu bitartean

Enkriptatzeari esker, seguruagoak eta pribatuagoak dira gure zerbitzuak. Mezu elektronikoak bidali, bideoak partekatu, webguneak ikusi edo argazkiak gordetzen dituzunean, besteak beste, sortzen dituzun datuak zure gailuaren, Google zerbitzuen eta gure datu-zentroen artean joan-etorrian ibiltzen dira. Era askotako segurtasun-geruzak erabiltzen ditugu datuok babesteko; adibidez, HTTPS, TLS (Transport Layer Security) eta antzeko puntako enkriptatze-teknologia.

Gure hodeiko azpiegiturak etengabe babesten ditu datuak

Besteak beste, bai neurrira diseinatutako datu-zentroak, bai datuak kontinenteen artean transferitzen dituzten itsas azpiko zuntzezko kable propioak erabilita, Google-ren hodeiko azpiegitura munduko seguruenetakoa eta fidagarrienetakoa da. Gainera, etengabe gainbegiratzen denez, beti daude datuak babestuta eta erabilgarri behar dituzunean. Izan ere, datuak hainbat datu-zentrotan banatzen ditugu; horrela, sute edo hondamendiren bat gertatuz gero, automatikoki eta etenik gabe eramango dira kokapen egonkor eta seguru batera.

Mehatxuak hautemanda, gure zerbitzuak hobetzen ditugu

Etengabe gainbegiratzen ditugu gure zerbitzuak eta haien azpiegiturak mehatxuetatik babesteko, esaterako, spam, malware, birus eta asmo txarreko bestelako kodetik.

Gobernuei ez diegu ematen zure datuetarako sarbide zuzenik

Ez dugu sekula ematen "ezkutuko" sarbiderik zure datuak atzitzeko, ezta haiek dituzten zerbitzariak atzitzeko ere. Horrek esan nahi du inongo gobernuk (AEBetakoa nahiz beste herrialdeetakoa) ez duela erabiltzaileen datuetarako sarbiderik. Noizean behin, poliziak erabiltzaileren baten datuak eskatzen dizkigu. Gure lege-taldeak eskaera guztiak berrikusten ditu, eta atzera egiten du eskaeraren bat zabalegia bada edo prozesu egokiari jarraitzen ez badio. Datu-eskaera horiei buruz ahalik eta informazio gehien ematen saiatu gara gure Gardentasun-txostenean.

Eiffel dorrearen irudiaren gainetik zabaltzen da enkriptatzea

Gmail enkriptatzeari esker, posta pribatu mantentzen da

Hasiera-hasieratik, Gmail-ek konexio enkriptatuak egiteko aukera eman du; horrela, zailagoa da bidaltzen duzuna pertsona gaiztoek irakurtzea. Gmail-ek, gainera, ohartarazi egiten dizu segurtasun-arriskuak daudenean; adibidez, konexio enkriptatu baten bidez bidali ez den mezu elektroniko bat jasotzen duzunean.

Gmail-eko gutun-azalak segurtasun-aztertzailearen abisuaren ikurra erakusten du

Gmail-eko spamaren aurkako babesak mezu elektroniko susmagarriak iragazten ditu

Malware- eta phishing-eraso asko mezu elektroniko batekin hasten dira. Gmail-eko segurtasunak posta elektronikoko beste edozein zerbitzurenak baino hobeto babesten zaitu spametik, phishing-etik eta malwaretik. Gmail-ek mila milioika mezutatik ateratako ereduak analizatzen ditu erabiltzaileek spam gisa markatutako mezu elektronikoen ezaugarriak identifikatzeko. Ondoren, eredu horiek erabiltzen ditu mezu susmagarriak edo arriskutsuak blokeatzeko, zuk jaso aurretik. Horretan laguntzeko, sakatu "Salatu spama" mezu elektroniko susmagarriak jasotzen badituzu.

Makina bidezko ikaskuntzari eta adimen artifizialari esker, Gmail-en spam-iragazkia gero eta zehatzagoa da. Egun, spamaren % 99,9 mantentzen du sarrera-ontzitik kanpo.

Chrome arakatzaileak segurtasun-eguneratzearen garapena erakusten du

Chrome-k automatikoki eguneratzen du arakatzailearen segurtasuna

Segurtasun-teknologiak etengabe aldatzen ari direnez, seguru egoteko, eguneratuta egon behar da. Horregatik, Chrome-k maiz egiaztatzen du darabilzun bertsioa azken segurtasun-konponketekin eguneratuta dagoela, malwarearen eta gune engainagarrien aurkako babesekin, eta beste. Automatikoki eguneratzen da Chrome, bere segurtasun-teknologia berrienaren babesa izan dezazun.

Aplikazio kaltegarri bat isil-gordeka sartzen da gailuan

Google Play-k kaltegarriak izan daitezkeen aplikazioetatik babesten du telefonoa

Instalatzen dituzun aplikazioak izan ohi dira gailuen segurtasun-arrisku handienetakoak. Gure hautemate-sistemak arriskutsuak izan daitezkeen aplikazioak markatzen ditu Play Store dendara iritsi aurretik. Ez badakigu ziur aplikazioren bat segurua den ala ez, Android segurtasun-taldeak eskuz berrikusten du. Hautemate-sistema hobetu ahala, Google Play-n lehendik dauden aplikazioak berriro ebaluatzen ditugu eta kaltegarriak izan daitezkeenak kentzen ditugu erabiltzaileen gailuetara irits ez daitezen.

Google-k asmo txarrekoak edo engainagarriak diren iragarkiak blokeatzen ditu

Interneten ibiltzea kaltegarria edo gogaikarria izan daiteke iragarkiek malwarea badute, ikusi nahi duzun edukia estaltzen badute, produktu faltsuak promozionatzen badituzte edo nolanahi ere gure publizitate-gidalerroak urratzen badituzte. Oso aintzat hartzen dugu hori. Urtero, gure berrikusleei eta software sofistikatuari esker, ia mila milioi iragarki gaizto blokeatzen ditugu. Halaber, tresnak ematen dizkizugu iraingarriak diren iragarkiak salatzeko eta zer motatako iragarkiak ikusten dituzun kontrolatzeko. Gainera, etengabe argitaratzen ditugu gure estatistikak eta jardunbide egokiak, denontzat izan dadin seguruagoa Internet.

Sarean babestuta egoteko aholku nagusiak

Izan sareko kontuak eta datu pertsonalak babestuta aholku bizkor hauekin.

  • Babestu gailuak

  • Saihestu phishing-saiakerak

  • Ibili Interneten segurtasunez

Google segurtasun-ezkutua eta egiaztapen-zerrenda

Sortu pasahitz sendoak

Pasahitz sendoak sortzea ezinbestekoa da sarean dituzun kontuak babesteko. Hori lortzeko, hitz multzo batzuk erabil ditzakezu, ahaztuko ez dituzunak, eta beste inork asmatuko ez dituenak. Halaber, esaldi luzeak asmatu eta hitz bakoitzaren lehen hizkia hartuta sor ditzakezu pasahitzak. Pasahitza are sendoagoa izan dadin, ziurtatu gutxienez zortzi karaktere dituela; izan ere, zenbat eta luzeagoak izan, orduan eta sendoagoak dira pasahitzak.

Segurtasun-galderen erantzunak sortzea eskatzen badizute, gezurrezko erantzunak erabiltzea gomendatzen dugu, zailagoa izan dadin haiek asmatzea.

Ez erabili inoiz pasahitz bera behin baino gehiagotan

Erabili pasahitz desberdin bat kontu bakoitzerako

Pasahitz bera kontu batean baino gehiagotan erabiltzen baduzu (adibidez, Google kontuan, sare sozialetako profiletan eta sareko dendetan), segurtasun-arrisku handiagoak izango dituzu. Izan ere, etxerako, autorako eta bulegorako giltza bera erabiltzea bezala da hori; norbaitek giltza bat eskuratuz gero, toki guztiak geratzen dira arriskuan.

Gogoratu pasahitz bat baino gehiago

Pasahitz-kudeatzaile bat erabiltzen baduzu (adibidez, Chrome arakatzaileko Google Smart Lock), sarean dituzun kontu guztien pasahitzak babestuta eta eskura izango dituzu beti. Gainera, segurtasun-galderen erantzunak gorde eta ausazko pasahitzak sortzeko ere balio du.

Babestu hackerren aurka bi urratseko egiaztapena erabilita

Bi urratseko egiaztapena erabilita, ez da sartuko beste inor zure kontuan; izan ere, erabiltzaile-izena eta pasahitza ez ezik, bigarren urrats bat ere erabili beharko da saioa hasteko. Google-rekin, adibidez, Google Authenticator aplikazioan sortutako sei digituko kodea izan daiteke, edo gailu fidagarri batean saioa hastea onartzeko eskatzen duen Google aplikazioko berrespen-mezu bat.

Phishingaren aurrean babes handiagoa izateko, segurtasun-giltza fisiko bat erabil dezakezu. Ordenagailuko USB atakan sartzen da, edo gailu mugikorrera konektatzen da Bluetooth edo NFC (Near Field Communication edo inguruko esparruko komunikazioa) bidez.

Izan softwarea eguneratuta

Segurtasun-arriskuen aurka babesteko, erabili beti software eguneratua web-arakatzailean, sistema eragilean, pluginetan eta dokumentu-editoreetan. Softwarea eguneratzeko jakinarazpenak jasotzen dituzunean, egunera ezazu ahal bezain laster.

Berrikusi erabiltzen duzun softwarea noizean behin, beti azken bertsioak darabilzkizula ziurtatzeko. Zerbitzu batzuk (Chrome arakatzailea barne) automatikoki eguneratzen dira.

Erabili pantailaren blokeoa

Ordenagailua, tableta edo telefonoa erabiltzen ari ez zarenean, blokeatu pantaila beste inor sar ez dadin. Segurtasun handiagoa izateko, erabili gailua inaktibo dagoenean automatikoki blokeatzeko ezarpena.

Telefonoa galtzen baduzu, blokea ezazu

Telefonoa galtzen baduzu edo lapurtzen badizute, joan Nire kontua atalera eta hautatu “Bilatu telefonoa”. Aukera horrekin, urrats gutxi batzuk baino ez dituzu egin beharko telefonoko datuak babesteko. Android edo iOS gailu bat badaukazu ere, urrunetik aurkitu eta blokeatu ahalko duzu telefonoa; horrela, ezingo du inork telefonoa erabili edo zure informazio pertsonala atzitu.

Arakatzaileak Chrome-n babestutako pasahitzak erakusten ditu

Ez instalatu kaltegarria izan daitekeen aplikaziorik

Erabili beti iturburu fidagarriak aplikazioak deskargatzeko. Android gailuak babestuta egon daitezen, Google Play Protect zerbitzuak segurtasun-egiaztapen bat egiten du Google Play Store dendako aplikazioetan, haiek deskargatu aurretik. Gainera, noizbehinka telefonoa ere analizatzen du beste iturburu batzuetako aplikazio kaltegarririk ez duzula ziurtatzeko.

Datuak babestuta izateko:

  • Berrikusi dauzkazun aplikazioak eta ezabatu erabiltzen ez dituzunak
  • Joan aplikazio-dendaren ezarpenetara eta gaitu eguneratze automatikoak
  • Eman aplikazio fidagarriei soilik kontuzko datuetarako sarbidea (adibidez, kokapena eta argazkiak)

Kontuz ibili posta elektroniko bidezko iruzurrekin, gezurrezko sariekin eta opariekin

Ezezagunen mezuak beti dira susmagarriak, batez ere onegiak badirudite benetakoak izateko (adibidez, zerbait irabazi duzula diotenak, inkestak osatzeagatik sariak eskaintzen dizkizutenak, edo dirua irabazteko modu bizkorrak sustatzen dituztenak). Ez egin klik inoiz esteka susmagarrietan, eta ez idatzi inoiz informazio pertsonalik inprimaki edo inkesta susmagarrietan.

Kontuz ibili informazio pertsonala eskatzen badizute

Ez erantzun mezu elektroniko susmagarriei edo informazio pertsonala (hala nola pasahitzak, banku-kontuen edo kreditu-txartelen zenbakiak, edo jaiotze-data) eskatzen duten leiho gainerakorrei. Mezua gune fidagarri batetik badator ere (esate baterako, zure bankuaren webgunea), ez egin klik estekan eta ez bidali erantzunik. Hobe da zuzenean dagokion webgunera edo aplikaziora joan eta bertan saioa hastea.

Gogoratu: benetako gune eta zerbitzuek ez dute bidaltzen mezu elektronikorik pasahitzak edo finantza-datuak eskatzeko.

Kontuz ibili nortasuna faltsutzen dutenekin

Ezagutzen duzun norbaitek mezu elektroniko bat bidaltzen badizu, baina itxura bitxia badu, baliteke norbaitek haren kontua hackeatu izana.

Kontuz mezuen helburua hauetakoren bat bada:

  • Dirua premiaz eskatzea
  • Beste herrialde batetik atera ezinik dagoela esatea
  • Telefonoa lapurtu egin diotela eta deirik jaso ezin duela esatea

Ez erantzun mezuari eta ez egin klik inongo esteketan, mezua benetakoa dela berretsi arte.

Fitxategiak deskargatu aurretik, egiaztatu seguruak direla

Phishing-eraso sofistikatu batzuk ere gauza daitezke dokumentu edo PDF eranskin kutsatuen bidez. Eranskin susmagarririk aurkitzen baduzu, erabili Chrome edo Google Drive hura segurtasunez irekitzeko; horrela, gailua kutsatzeko aukera gutxiago izango dituzu. Birusik hautematen badugu, abisu bat erakutsiko dizugu.

Erabili sare seguruak

Kontuz ibili publikoak edo doakoak diren Wi-Fi sareak erabiltzen dituzunean, baita pasahitza eskatzen badute ere. Sare publiko batera konektatzen zarenean, inguruko edonork kontrola dezake Interneten egiten duzuna (adibidez, bisitatzen dituzun webguneak eta haietan idazten duzun informazioa ikus ditzakete). Horrelako Wi-Fi sareren batera halabeharrez konektatzen bazara, Chrome arakatzailearen helbide-barran ikusiko duzu guneak seguruak diren ala ez.

Kontuzko informazioa idatzi aurretik, egiaztatu konexioa segurua dela

Sarea arakatzen ari zarenean (eta, batez ere, kontuzko informazioa idatzi behar duzunean, hala nola pasahitzak edo kreditu-txartelen datuak), ziurtatu bisitatzen dituzun guneetarako konexioa segurua dela. HTTPS protokoloarekin hasten dira webgune seguruen URLak. Chrome arakatzaileak giltzarrapo berde itxi baten ikonoa erakutsiko du, eta URLaren eremuan "Segurua" hitza agertuko da. Segurua ez bada, ordea, "Ez da segurua" agertuko da. HTTPS protokoloak arakatzen duzuna babesten du, arakatzailea edo aplikazioa bisitatzen dituzun webguneekin segurtasunez konektatuta.