Datuak

Zer datu biltzen eta erabiltzen ditugun uler dezazun nahi dugu.

Google zerbitzuak erabiltzen dituzunean, zure datuak gure esku uzten dituzu. Gure erantzukizuna da argi jakinaraztea zer biltzen dugun eta nola erabiltzen dugun zerbitzu hobeak eskaini ahal izateko.

Hona hemen biltzen ditugun datu mota nagusiak:

Egiten dituzun gauzak

Gure zerbitzuak erabiltzen dituzunean (adibidez, Google-n bilaketak egitean, Google Maps-en jarraibideak lortzean edo YouTube-n bideoak ikustean), zenbait datu biltzen ditugu zerbitzuek zure mesedetan funtziona dezaten. Hona hemen adibide batzuk:

  • Bilatzen dituzun gauzak
  • Bisitatzen dituzun webguneak
  • Ikusten dituzun bideoak
  • Sakatzen dituzun iragarkiak
  • Kokapena
  • Gailuari buruzko informazioa
  • IP helbidea eta cookieen datuak

Sortzen dituzun gauzak

Google kontuarekin saioa hasita baduzu, gure zerbitzuak erabilita sortzen duzuna gordetzen eta babesten dugu. Hona hemen adibide batzuk:

  • Gmail-etik bidaltzen dituzun eta bertan jasotzen dituzun mezuak
  • Gehitzen dituzun kontaktuak
  • Egutegiko gertaerak
  • Kargatzen dituzun argazkiak eta bideoak
  • Drive-ko Dokumentuak, Kalkulu-orriak eta Aurkezpenak

Bereizten zaituzten gauzak

Google kontu batekin erregistratzen zarenean, kontuari buruz ematen diguzun oinarrizko informazioa gordetzen dugu. Besteak beste, honako hau:

  • Izena
  • Helbide elektronikoa eta pasahitza
  • Jaiotze-data
  • Sexua
  • Telefono-zenbakia
  • Herrialdea
Google Maps telefono adimendun batean

Nola eramaten zaituen Google Maps-ek nahi duzun tokira bizkorrago

Google Maps aplikazioa erabiltzen duzunean, uneko kokapenari buruzko datu anonimoak bidaltzen dizkio telefonoak Google-ri. Inguruan duzun jendearen datuekin alderatzen dira datuok, trafikoari buruzko ereduak hautemateko. Adibidez, kale berean ibilgailu asko poliki doazela hauteman dezake Maps-ek, eta trafiko astuna dagoela esan diezazuke. Beraz, Maps-ek istripu bat dagoela abisatzen dizunean eta ibilbide bizkorrago batera zuzentzen zaituenean, inguruko gidarien datuei esker izango da.

Google Bilaketa zerbitzuaren barra osatze automatikoarekin

Nola osatzen dituen Google-k bilaketak automatikoki

Zerbait bilatzen ari zarenean eta akats ortografiko bat egiten duzunean, Google-k jakiten du zer esan nahi zenuen, ezta? Hori lortzeko, akatsak zuzentzeko darabilgun ereduak lehenago akats bera egin duen jendearen datuak erabiltzen ditu, eta akatsa zuzentzen dizu. Horregatik, badakigu, "Barzelona" idatzi baduzu, "Bartzelona" esan nahi duzula.

Bilaketa-historia ere erabil daiteke Google-k bilaketak automatikoki osatzeko. Adibidez, noizbait "Bartzelona hegaldiak" bilatu baduzu, horixe iradoki diezazukegu bilaketa-koadroan, idazten amaitu ere egin aurretik. Edo futbolzalea bazara eta maiz bilatzen baduzu "Bartzelona emaitzak", baliteke hori iradokitzea zuzenean.

Chrome fitxa bat betetze automatikoaren bidez betetako inprimaki batekin

Nola osatzen dituen Chrome-k inprimakiak automatikoki

Interneten erosketak egiten dituzunean edo kontuak lortzeko erregistratzen zarenean, informazio pertsonala idatzi behar duzu inprimakietan. Chrome erabiltzen duzunean, zenbait datu gorde ditzakegu, hala nola izena, helbidea, telefono-zenbakia, helbide elektronikoa eta ordainketa-informazioa. Horrela, inprimakiak automatikoki beteko ditugu. Edonoiz edita ditzakezu betetze automatikoko eremu zehatzak, edo ezarpen hau desaktibatu ere egin dezakezu.

Google Bilaketa zerbitzuaren barra profileko argazkiarekin eta emaitza pribatuen botoiarekin

Nola laguntzen dizun Google Bilaketa zerbitzuak zeure informazioa aurkitzen

Google Bilaketa zerbitzuak informazio baliagarria eskura dezake Gmail, Google Argazkiak, Calendar eta bestelako zerbitzu batzuetatik, eta bilaketa-emaitza pribatuetan erakutsi, zuk zeuk bilatu behar ez izateko. Honelako gauzak bila ditzakezu: "dentistarako hitzordua", "erakutsi hondartzako nire argazkiak" edo "non egin dut hotelaren erreserba". Saioa hasita baldin baduzu, beste Google zerbitzu batzuetatik eskuratuko dugu informazioa, eta urrats bakarra eginda izango duzu.

Google Laguntzailea eginbidearen eta erabiltzaile baten arteko elkarrizketako txat-globoak

Google Laguntzailea eginbideak nola lagun diezazukeen gauzak egiten

Etxean nahiz kalean, Laguntzailea laguntzeko prest duzu beti. Laguntzailea eginbideari galdera bat egiten diozunean edo zerbait egiteko eskatzen diozunean, gainontzeko Google zerbitzuetako informazioa erabiltzen du behar dena egiteko. Esate baterako, "Zer kafetegia daude hemen inguruan?" edo “Beharko al dut aterkirik bihar?” galdetzen badiozu, Maps eta Bilaketa zerbitzuetako informazioa, eta zure kokapena, interesak eta hobespenak erabiltzen ditu Laguntzailea eginbideak ahalik eta erantzun egoki eta osatuena emateko. Inoiz Laguntzailea eginbidearekin izandako interakzioetatik jasotzen diren datuak ikusi edo ezabatu nahi badituzu, jo Nire jarduerak tresnara.

Nire kontua ikusgai duen arakatzailea

Kontrolatu pribatutasun-ezarpenak Nire kontua atalean

Google kontu bat duzun ala ez, zuk erabakitzen duzu zer motatako informazioarekin eskain diezazkizukegun Google zerbitzu hobeak. Nire kontua atalean informazio pertsonala kudeatzeko eta pribatutasuna babesteko tresnak dituzu eskura.

Iraganeko bilaketak dituen Chrome leihoa

Ikusi zer datu dituzun kontuan Nire jarduerak atalean

Nire jarduerak atalean aurkituko dituzu gure zerbitzuetan bilatu eta ikusi dituzun gauzak. Sarean egindako jarduerak errazago gogoratzeko, gaiaren, dataren eta produktuaren arabera bilatzeko tresnak dituzu eskura. Betiko ezaba ditzakezu jarduera zehatzak, baita zure kontuarekin erlazionatzea nahi ez duzun gai osoak ere.

Chrome-ren ezkutuko moduaren ikonoa

Arakatu sarea modu pribatuan ezkutuko modua erabilita

Web-historiari esker, bilaketa-emaitza hobeak lortuko dituzu, baina batzuetan modu pribatuan ibili nahi izango duzu. Zure bikotekidearekin partekatzen baduzu ordenagailua, adibidez, ez duzu nahi izango arakatze-historiaren erruz haren urtebetetze-opariaren sorpresa hondatzea. Horrelako gauzetarako, ireki ezkutuko leiho bat ordenagailuan edo gailu mugikorrean Google Chrome-k arakatze-historia gorde ez dezan.