Iragarkien funtzionamendua

Ez dugu saltzen informazio pertsonala

Gure negozioaren zati garrantzitsua da iragarkiak erakustea, bai Google zerbitzuetan, bai gure bazkide diren webguneetan eta mugikorretarako aplikazioetan. Iragarkiei esker dira doan gure zerbitzuak. Zenbait datu erabiltzen ditugu iragarki horiek erakusteko, baina ez dugu saltzen informazio pertsonalik (adibidez, zure izena, helbide elektronikoa eta ordainketa-informazioa).

Iragarkiak esanguratsu izan daitezen erabiltzen ditugu datuak

Iragarki baliagarriak erakusten saiatzen gara zure gailuetatik bildutako datuak erabilita; besteak beste, bilaketak eta kokapena, erabilitako webguneak eta aplikazioak, ikusitako bideoak eta iragarkiak, eta eman diguzun informazio pertsonala (adibidez, adina, sexua eta interesak).

Saioa hasi baduzu, iragarkien ezarpenen arabera, datu horiek informazioa pasatzen diete gailuetan ikusten dituzun iragarkiei. Ondorioz, bidaien webgune batera joaten bazara laneko ordenagailuan, baliteke, geroago, Parisera joateko hegaldiei buruzko iragarkiak ikustea telefonoan.

Jendeak ikusten edo sakatzen dituen iragarkiak soilik ordaintzen dituzte iragarleek

Iragarleek publizitate-kanpainak gurean kaleratzen dituztenean, iragarkien errendimenduaren arabera ordaintzen dute, baina sekula ez dute ordaintzen informazio pertsonalaren truke. Errendimenduan kontuan hartzen dira, besteak beste, iragarkien ikustaldiak edo bertan egindako klikak, edo iragarkia ikusi eta gero egindako ekintzak (adibidez, aplikazioak deskargatzea edo eskaera-inprimakiak betetzea).

Kanpainen errendimendua erakusten diegu iragarleei

Iragarkien errendimenduari buruzko informazioa ematen diegu iragarleei, baina informazio pertsonalik eman gabe. Iragarkiak erakusteko prozesu osoan, informazio pertsonala babestuta eta pribatu mantentzen dugu.

Google zerbitzuetan eta bazkideen guneetan iragarkiek duten funtzionamendua

Baliagarriak irudituko zaizkizun iragarkiak erakusteko erabiltzen ditugu datuak, bai Google zerbitzuetan, bai gure bazkide diren webguneetan eta mugikorretarako aplikazioetan.

Kolore desberdinetako bizikletak arakatzaile-leiho batean

Bilaketa zerbitzuko iragarkien funtzionamendua

Google Bilaketa darabilzunean, baliteke bilaketa-emaitzen ondoan edo gainean agertzea iragarkiak. Gehienetan, egin berri duzun bilaketarekin eta zure kokapenarekin erlazionatuta egongo dira. Adibidez, "bizikletak" bilatzen baduzu, inguruan salgai dauden bizikletak erosteko iragarkiak ikusiko dituzu.

Beste kasu batzuetan, iragarki baliagarriagoak eskaintzeko, datu gehigarriak erabiltzen ditugu, adibidez, iraganean egindako bilaketak edo bisitatu dituzun guneak. Lehendik “bizikletak” bilatu duzunez, "oporrak" bilatzen baduzu, baliteke oporretan bizikletarekin joateko tokiei buruzko iragarkiak ikustea.

Gmail-eko Google iragarkiak horiz nabarmenduta

YouTube-ko iragarkien funtzionamendua

YouTube-n bideoak ikusten dituzunean, bideoa ikusten hasi baino lehen edo bideoaren orrian bertan erreproduzituko dira iragarkiak. Ikusi dituzun bideoez gain, beste datu batzuetan ere daude oinarrituta iragarkiak, besteak beste, uneko eta azkenaldiko YouTube-ko bilaketetan.

Adibidez, "modako aholkuak" edo edertasunarekin erlazionatutako bideoak ikusten badituzu, baliteke edertasun-produktuen iragarkiak ikustea. Iragarki horien bidez, ikusten dituzun bideoen sortzaileei laguntzen zaie.

YouTube-ko iragarki asko saltatu egin ditzakezu ikusi nahi ez badituzu.

Emakume alai baten YouTube bideo batek leiho gainerakor bat du modan dauden eguzkitako betaurrekoen iragarki batekin

Gmail-eko iragarkien funtzionamendua

Gmail-en ikusten dituzun iragarkiak sarrera-ontzian dituzun mezuetatik ateratako gako-hitzetan daude oinarrituta, besteak beste. Prozesua guztiz automatizatuta dago; inork ez ditu irakurtzen kontuan dituzun mezuak iragarkiak erakusteko.

Adibidez, azkenaldian argazkilaritzari eta kamerei buruzko mezu ugari jaso badituzu, baliteke bizi zaren tokiko argazki-denda bateko eskaintzaren baten iragarkia ikustea.

Profileko argazkia duen arakatzaileak iragarki bat du poltsa berde dotore batekin

Google-ren bazkideen guneetako iragarkien funtzionamendua

Webgune eta mugikorretarako aplikazio asko gurekin bazkidetu dira iragarkiak erakusteko. Iragarle horiek hainbat motatako hartzaileei erakutsi nahi dizkiete iragarkiak, gure erabiltzaileek gurekin partekatu duten informazio pertsonalean eta erabiltzaileen sareko jardueretan oinarrituta. Adibidez, "25 eta 34 urte bitarteko gizonak, bidaiatzeko interesa dutenak”.

Lehendik ikusi dituzun guneetan oinarrituta ere erakutsiko dizkizugu iragarkiak; adibidez, sareko denda bateko saskian erosi gabe utzi zenituen zapata gorri horien iragarki bat ikus zenezake. Hala ere, informazio pertsonalik jakinarazi gabe egiten dugu hori guztia; hau da, ez diogu inori ematen zure izena, helbide elektronikoa, fakturazio-informazioa edo bestelako informaziorik.

Kontrolatu Google iragarkien erabilera

Saioa hasita nahiz hasi gabe duzunean zer motatako iragarkiak ikusi nahi dituzun kontrolatzeko tresnak ematen dizkizugu.

Iragarkien ezarpenak eta eguzkitako betaurrekoen iragarkia dituen tableta

Kontrolatu iragarkiak zure hobespenen arabera

Iragarkien ezarpenak atalean, interesatzen zaizunaren arabera kontrola ditzakezu iragarkiak. Adibidez, iragarkien pertsonalizazioaren ezarpenak erabiltzen badituzu Google-ri pop musika gustatzen zaizula adierazteko, baliteke disko berrien eta inguruko kontzertuen iragarkiak ikustea YouTube-n saioa hasten duzunean.

Iragarkien pertsonalizazioa desaktibatzen baduzu saioa hasita duzun bitartean, ez dizkizugu interesetan oinarritutako iragarkiak erakutsiko Google zerbitzuetan, ezta gure bazkide diren webgune eta aplikazioetan ere. Saioa amaituta duzula desaktibatzen baduzu iragarkien pertsonalizazioa, iragarkiak erakusten dituzten Google zerbitzuetan soilik izango du horrek eragina.

Auto berde baten Google iragarkia, goialdean ezkutatzeko botoia duela

Kendu ikusi nahi ez dituzun iragarkiak

Iragarkia ezkutatzeko aukera ematen dizugu gure bazkide diren webgune eta aplikazioen bidez erakusten ditugun iragarki askotan. Iragarkiaren ertzeko "X" ikurra hautatuta, interesgarriak iruditzen ez zaizkizun iragarkiak ken ditzakezu.

Adibidez, autoei buruzko iragarkiak beharbada lagungarriak izan ziren autoa erosi nahian zenbiltzanean, baina, orain, erositakoaz gozatzen ari zara eta agian ez duzu nahiko Google-k haren beste iragarkirik erakustea.

Saioa hasi baduzu, iragarkien ezarpenen arabera, saioa hasita duten gailu guztietan izango du eragina aukera horrek, gure bazkide diren webgune eta aplikazioak erabiltzen dituzunean.

Saioa hasi gabe ere blokea ditzakezu iragarkiak. Horretarako, erabili "Blokeatu iragarlea" izeneko aukera iragarkiak erakusten dituzten Google zerbitzuetan.

Eguzkitako betaurrekoen iragarkia, goialdean informazio-botoia duela

Jakin zer datu erabiltzen ditugun iragarkiak erakusteko

Iragarkiak erakusten dizkizugunean zer datu erabiltzen ditugun ulertzea nahi genuke. "Zergatik agertzen zait iragarki hau?" eginbideko leihoan klik eginda, iragarkia zergatik erakusten zaizun azaltzen zaizu. Adibidez, soineko bat erakutsi dizugula ikusiko duzu modari buruzko webguneetan ibili bazara. Edo jatetxe baten iragarkia ikusten baduzu, agian zuregandik gertu dagoelako izango da. Mota horretako datuei esker, baliagarriak irudituko zaizkizun iragarkiak erakusteko gai gara. Hala ere, gogoratu inoiz ez ditugula datu horiek iragarleekin partekatzen.